Trontza

Zer da trontza?

Enbor bat (horizontalki edo bertikalki jarrita) trontza batekin zerratzean datza. Bi kirolarik parte hartzen dute, trontza alde bakoitzean bana. Ahalik eta azkarren moztu behar da trontzaren bidez eta gehienez mozketa 2,5 cm-koa izan behar da eta osorik atera behar da, ezin da apurtu eta trontza zuzen egon behar da.

Bere historia

Trontza edo trontzalaria Iratiko (Nafarroa) basoetan barrena sartu zen Euskal Herrian, eta hona iritsi zen Italiatik XIX. mendearen bigarren erdian. Zehazki, Aldo Morante kapatazak ekarri zuen, 1860an. Trontzak basomutilen lana irauli zuen, eta eskuzko zerra hau erabiltzean haien errendimendua nola handitzen zen ikusi zuten: ebaketak askoz azkarragoak ziren eta egur guztia ederki aprobetxatzen zen. Gainera, bi pertsonaren esku-hartzea baino ez zuen behar, bat tresnaren alde bakoitzean. Lehenengo lehiaketak 1870. urtean izan ziren, nahiz eta kirolariek XX. mendearen hasierara arte ez zuten plaza publikora eraman. Diziplinak ez zuen jarraitzaile askorik, eta pixkanaka presentzia murrizten joan zen. Aranon eta Goizuetan (Nafarroa) egin ziren 1926 eta 1934 urteetan, eta baita Gipuzkoan ere (Eibarko zezen-plazan). Motozerra asmatu zenean, trontza bigarren maila batean geratu zen, eta eztabaidak bertan behera geratu ziren. Gero, gerrak diziplina mapatik ezabatzea eragin zuen kirol arloa (Sainz eta Mateos, 2009).

Materiala

Metalezko zerra luze bat da, 1,50 metroko luzerakoa (gutxi gorabehera). Gaur egun, trontzalari guztiak Ameriketako lanabesekin lehiatzen dira; lanabes horiek behinola Italia eta Suitzatik ekarritako ohiko trontzek baino hortz handiagoak dituzte. 

Material lagungarria: astoa, hau da, aizkorarako zein trontzarako erabiltzen diren enborrei eusteko egurrezko pieza.

Espazioa

Trontza kirolak ez du kirola egiteko espazio jakinik, esparru espezifikoetan egiten diren beste herri kirol batzuek ez bezala. Hala ere, normalean leku zabal eta irisgarrietan egiten da, hala nola frontoietan, probalekuetan eta herrietako plazetan, non lehiaketarako eta publikoak ekitaldia eroso ikusteko nahikoa leku dagoen.

Teknika

Tiraketa-fasea mozketa-fase nagusia da, trontzalariak enborra benetan mozten duenean, hura beregana ekarriz. Mugimenduaren oinarria tolestea eta biltzea da, besoak hasieran erabat luzatuta egon ondoren, erabat tolestu eta gorputzera itsatsita geratzen direlako.

Mozketa horizontalean, gorputzaren posizioak honako hauek izango dira:

  • Burua : Enborrarekin lerrokatuta edo apur bat luzatuta.
  • Besoak : Tolestuta, ukondoetako artikulazioan 90 graduko angelua eratuz, eta gorputz-enborrera itsatsita. Eskuak eta ukondoak ia-ia altuera berean egongo dira.
  • Gorputz-enborra : Apur bat aurrerantz inklinatuta mugimenduaren amaieran.
  • Hankak : Aurreratutako hanka luzatuta egongo da, eta atzeratutako hanka apur bat tolestuta. Biak egonkortasuna bermatzeko irekita kokatuko dira.
  • Eskuaren kokapena : Eskuineko hanka aurreratuta badago, kirtenari ezkerreko eskuaz beheko aldean eta eskuinekoaz goiko aldean heltzen zaio.

Bultzada-fasea kideari laguntzeko fasea da, non trontzalariak berreskuratzeko mugimendua egiten duen. Honen bidez, tolestuta zeuden besoak luzatzen dira gorputzetik urrun. Mugimenduaren amaieran, gorputzaren posizioak honako hauek izango dira:

  • Burua : Apur bat luzatuta.
  • Besoak : Luzatuta, ia-ia horizontalean.
  • Gorputz-enborra : Aurrerantz makurtuta, besoen norabidean.
  • Hankak : Aurreko fasekoaren kontrako posizioan. Oraingoan, aurreratutako hanka tolestuta egongo da, gorputzaren pisua eusteko, eta atzeratutako hanka erabat luzatuta.
  • Pisua banatzea : Fase batetik bestera, gorputzaren pisua atzeratutako hankatik aurreratutakora kulunkatzen da.
  • Eskuaren kokapena : Aurreratutako oinaren pareko eskua kirtenari goiko aldetik heltzen dio.

Taktika

Diziplina honetako estrategiaren barruan oso garrantzitsua da azpimarratzea araudipean ez dagoen tresna erabili daitekeela. Hori dela eta, praktikan, baliabide ekonomiko gehien dituzten trontzalariek tenple handiagoko trontza hobeetan inbertitu ahal izango dute, amerikarretan, oro har; eta, hasiera-hasieratik, alde handiak egongo dira lehiakideen artean.

Hezkuntzarako proposamena

Trontzaren erabilera hezkuntzan hainbat modutan landu daiteke, joko eta ariketa desberdinen bidez. Aurretik, beharrezkoa da progresio egoki bat egitea teknika eta koordinazioa lantzeko. Beraz, hau jakinda emen dago guk pentsatutako proposamena.

EGUR TIRAKETA

Bikoteek elkarri aurrez aurre eutsiko diote, bakoitzak esku bana emanez, eta mugimendu koordinatuetan tira egin beharko dute. Ariketa honekin indarra eta sincronizazioa lantzen dira, trontzan ezinbestekoak diren bi alderdi.

TIRAKETA-OREKA

Oreka funtsezkoa da trontzan, eta hori lantzeko, bikotekideek batak besteari eutsi beharko diote belaunak tolestuta, bizkar zuzen mantenduz, enborra mozteko jarrera egokia imitatuz. Horrela, gorputzaren kontrola eta lankidetza hobetzen dira.

Ariketa hauek prestatze fase gisa baliagarriak dira, teknika garatzeko eta gorputza trontzaren mugimendura egokitzeko , eskuak, besoak eta gorputz-enborra berotuz.

Erreferentzia Bibliografikoak

Mendizabal Elordi, I., Lizarraga Sainz, K., eta Fuentes Mateos, J. M. (2009). Guia para la enseñanza de herri-kirolak. Gobierno Vasco.

¡Crea tu página web gratis! Esta página web fue creada con Webnode. Crea tu propia web gratis hoy mismo! Comenzar